Aurrezki-kutxen desagerpena: arrazoiak eta ondorioak
Joan Ramon Sanchis Palacio, Catedràtic d'Economia de l'Empresa de la Universitat de Valencia
Espainiako banku-sektorearen bilketa-prozesuarekin batera, aurrezki-kutxak desagertzen ari dira. Azken kasua Caixa Catalunyarena izan da; izan ere, FROBek saneatu, banku pribatu (Catalunya Banc) bihurtu eta nazionalizatu ostean, BBVAk xurgatu egin du. Horrela, fusio-etapa bat burutu da, zeinaren helburua Espainiako banku-sistema osoa 5 edo 6 banku handitan biltzea den. Catalunya Bancen kasuak, CatalunyaCaixa marka komertzialaz ezagunagoa baita, argi eta garbi erakusten du zer gertatu den gure herrialdean aurrezki-kutxekin 2007an finantza-krisia hasi zenetik. Politizatu ostean, aurrezki-kutxa ugari eraikuntzaren negozioan bete-betean sartu ziren, hirigintza-ustelkeria eta zuzendarien harrapaketa barne, eta horrek itzulbiderik gabeko kaudimengabezia-egoera batera eraman zituen.
Bankari handiek eta politikariek botere autonomiko eta zentraleko postuetan ziurrenik adostu zuten ibilbide-orria da; haien helburua duela zenbait hamarkadetatik banku handiei merkatu-kuota kentzen ari zaizkien banku-erakundeak deuseztatzea zen. Ibilbide-orri horrek Europar Batasunaren 41.300 milioi euroko banku-erreskatea kostatu zaigu espainol guztiei, eta guztizko kostua ziurrenik 200.000 milioi baino gehiagokoa izango da.
Lehenik, banku publikoak desagertu ziren, eta gero, aurrezki-kutxak, historikoki aurreztaile txikientzako, ekintzaileentzako, autonomoentzako eta enpresa txikientzako finantza-laguntzako funtzioa bete zuten eta aldi berean gizarte-ekintzaren bidez lurraldeko garapen ekonomiko eta sozialari laguntzen zioten erakundeak; gizarte-ekintza horrek 2008an (krisiaren hasieran) jo zuen gorena 2.000 milioi eurorekin, baina une horretatik aurrera nabarmen jaitsi da, 500 eurora hurbildu arte. 2013an onetsitako aurrezki-kutxei eta banku-fundazio pribatuei buruzko legea aurrezki-kutxen behin betiko akabera izan da (bi oso txiki geratzen dira Valentzian eta Balearretan) eta nabarmen murriztu du haien gizarte-ekintza, orain banku pribatuen erabakiaren menpe baitago.
Hala ere, aurrezki-kutxa guztiak ez dira gaizki kudeatu; dena den, lege-erreformaren bidez horiek guztiak deuseztatu ahal izan dira, ondo kudeatuta zein txarto kudeatuta egon, horixe nahi zutelako bankari handiek. Are gehiago, administrazio publikoa eta banku-ugazaberia aurrezki-kutxak “demonizatzen” saiatu dira, eredu desegokia eta zaharkitua dela eta, beraz, desagertzera behartuta dagoela alegatuz. Bitxia da Europar Batasuneko herrialde gehienetan (Alemania, Frantzia, Herbehereak, Austria, Italia…) hurbileko bankuen ereduak irautea eta agintariek zalantzan ez jartzea.
Aurrezki-kutxak desagertzea larri-larria da ekonomiarentzat oro har eta kontsumitzaileentzat bereziki. Erakunde horiek hurbileko bankuak ziren Espainian, kreditu-kooperatibekin batera, eta aurrezki txikiarentzako eta ekonomia produktibo eta errealarentzako produktuak eta zerbitzuak eskaintzen zituzten, transakzio espekulatiboak eta arrisku handikoak alde batera utzita. Lurraldean sustraitutako erakundeak dira, bezeroen beharrak ezagutzen dituztenak eta horietara egokitzen direnak. Horrela izan zen behintzat XX. mendeko laurogeiko hamarkadaren amaieran eta laurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran “bankarizazioa” hasi zuten arte; hori, oso adibide grafikoa jartzearren, bezeroei lehentasunezko partaidetzak jartzea ekarri zuen. Lehentasunezko partaidetzek, banku pribatuek ere jarri baitzituzten (ez soilik aurrezki-kutxek, sinestarazi nahi izan diguten moduan) Espainiako bankuen historiako maularik handienetako bat izan da eta 700.000 bezero baino gehiagori eragin die, 30.000 milioi euro baino gehiagotan. Desagertzean, enpresa-jardueraren zati garrantzitsu bat murriztu egiten da, mailegurik eta krediturik ezagatik.
Bestalde, sektorea banku gutxitan biltzeak kontsumitzaileen aurrean duten negoziazio-ahalmena areagotzen du; hortaz, gehiegikeria berriak gertatzen dira, hala nola komisioak handitzea, arrisku handiko finantza-produktu berriak jartzea, zoru-klausulak hipoteketan eta utzarazpenak, beste jardunbide desegoki batzuen artean. Ez dugu ahaztu behar banku espainolak Europar Batasunean irudi txarrena daukatena direla, banku irlandarrak alde batera utzita.
Aurrezki-kutxak (ia guztiak) desagertuta, zer geratzen zaigu? Kreditu-kooperatibak eta nekazarien kutxak geratzen zaizkigu, baina horiek ere fusioek mehatxatzen dituzte, baita aurrezki-kasuekin jazo zen moduan ia guztiz desagertzea ekarriko lukeen lege-erreforma batek ere. Eta, beraz, geratzen zaigun sozietate zibilak, finantza-bazterketa eta ohiko bankuen portaera ez etikoak (armagintza-enpresak, deslokalizatu eta haurren eskulana erabiltzen duten enpresak finantzatzea…) ikusita, finantza-iraultza isila hastea erabaki dute, honako hauek behetik sortuz: finantza-kontsumo arduratsuaren bidez eta irizpide sozialagoak eta etikoagoak dituzten banku-erakunde berriak (banku etikoak) eta finantza-zerbitzuen kooperatiben moduko bankuaz bestelako finantza erakundeak (hala nola, Coop57 eta Oikocredit), kooperatiba integralak, komunitate autofinantzatuak, denbora-bankuak eta beste ekimen batzuk. Itxaropen pixka bat benetan latza eta gogorra den errealitate baten barruan.
Joan Ramon Sanchis Palacio
Valentziako Unibertsitateko Enpresa Ekonomiako katedraduna
Arxiu > 2016 > novembre
- 24/11 24/11/16 12:00 - Oikocreditek Boliviako Fie bankuan duen inbertsioa handitu du
- 23/11 23/11/16 12:00 - Oikocredit, Triodos Investment Management eta Fidosa entitateek energia hidroelektrikoan inbertitu dute Guatemalan
- 22/11 22/11/16 0:55 - Aurrezki-kutxen desagerpena: arrazoiak eta ondorioak
- 08/11 8/11/16 11:00 - Ruandako kafe-sektoreari, hazten ari dena, ematen zaion laguntzari buruzko bideoa
- 07/11 7/11/16 11:00 - Eztiaren eta intxaurren bertako ekoizleei laguntzea
- 07/11 7/11/16 11:00 - Mania landatuz landa eremuetako pertsonen bizi- kalitatea hobetzea
- 03/11 3/11/16 11:00 - Berriz ernetzen hasi den basamortuko lurra